Gure Historia


1979. urte inguruan, “Lauaxeta Taldea” sortu zan Mungian, bertsoari tokatzen jakon tokia emon gurean. Talde honek antolatutako ekintzen barruan, 1979an, bertsolari gazteak trebatzeko txapelketa dogu. Urduliz eta Lezaman finalerdiak egin ondoren, Mungian egin zan finalean, Ernest Alkat atara zan txapeldun.

80. hamarkadan, bertso-eskolak hasten dira sortzen herri askotan. Mungian, Xabier Amuriza, bere lehenengo txapela irabazi ondoren, bertsolaritza klaseak emoten hasiko da.1980. urtean, bertsolaritzak beste loraldi bat bizi izan eban ; herriz-herri sortzen hasi ziren talde naturalak doguz horren lekuko: Santutxu, Algorta, Durango, Gernika eta Mungia. Talde horien helburua ez zan soilik plazarako bertsolariak sortzea, bertsoen eta euskal kantuen bidez, euskaltzaletasuna biztea baino. 

Hasieran, modu apalean, Amuriza gidari zala, Mungian talde polita osatu zan, astero biltzen ziralarik, bertsotan egiteko. Handik jaioko da Mungiako lehenengo bertso-eskola.

Urte batzuk geroago, beste herrietako eskolekin batera, BBIE (Bizkaiko Bertsolari Ikasleen Elkartea ) sortu zan. Handik sortuko da Bizkaiko eta Arabako bertsolari elkartea, hasierako talde honetatik. Talde horietatik urten eben plazarik plaza jardungo eben bertsolariak, gai-emoileak eta baita epai-mahaikoak bere.          

Inguruetako herri eta auzoetan, bertso-saio ugari burutu ziran 80-90. hamarkadetan, aitatutako taldearen eskutik. 1984. urtean, Taket Bertso Txapelketa antolatu izanaz aparte, talde honek parte garrantzitsua izan dau Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, baita Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako gaiak eta antolaketaren eraketan eta antolaketan. Kateak etenik izan ez dagian, jente barria sartu beharra egoan.

1991. urtean, “Mungia Euskaldunduz” taldea sortu zan, eskoletako maisu eta ikasle batzuen ekimenez, Mungian gaixo egoan euskera suspertzeko asmotan. “Nontzebarri” aldizkaria izan zan oihartzunik gehien izan eban ekimena; talde horren barruan, Jon Lopategiren ardurapean, bertso-eskola bat sortu zan 1992. urtean.

Hemendik aurrera, Mungian, elkar ezagutzen ez eben bertso-eskola bi izan ziran. Talde biak 1997an batu ziranean, alkarte barri bat sortzea proposatu zan. Bertotik jaioko da “Taket Bertsolaritza Alkartea”. 

Gorputz bi izango ditu alkarte honek; bata, bertso-eskola aktiboa ( bertsotan erakutsi gura daben gazte guztieri zuzendua ) eta bestea, Eraketa taldea  ( txapelketetarako gaiak atondu, Mungiako San Antontxu eta San Pedroetako bertso-saioak bideratu eta bertso-paper lehiaketak antolatu ).

Paraje honetan, badago euskerarenganako kezka bat eta, aurrerantzean, beste kultur elkarte batzuekin batera,“Taket Bertsolaritza Alkarteak” hainbat lan burutu dau euskeraren eta euskal kulturaren mesederako.

*Bertso-plaza barriak    
        1995. urtean, bertsolari gazteek, bertsotarako plazarik ez daukiela ikusirik, Taket alkartearen burukomin nagusienetariko bat, gazteentzako, plazak lortzea izan zan. Herrian dagoan taberna bat aukeratu eta hileko azken bariku guztietan bertso-saioak antolatzen hasi ziran. Azken urte honeetan, bertatik pasatu dira gaur sarri ikusten doguzan bizkaitar bertsolaririk gehienak.

Ekimen honen eredua harturik jaioko da “Txapel Bete Bertso”. Herririk herri leku bat bertsotarako prestatu eta bertsotan egin dagien, urtean zehar plaza gitxi daukien bertsolari gazteek. 

“Taket Bertsolaritza Alkarteak” itxaropentsu darrai aurrera,  inguruko bertso-ekimen gehienak bideratuz. Urterik urtera, ekimenak ugarituz doazenez, gaur egun, ez da erregularki hileko azken bariku guztietan holako saiorik egiten. Halandabe urtean honelako ekimen batzuk mantentzen ditugu.

Alkartearen izena, gure eskualdeko bertsolaririk ezagunenari egin diogun omenalditzat har dezakegu: Juan Ormaetxe "Taket"i zor genion.


No comments:

Post a Comment